
Aiako Harriko I. Maratoia antolatu dute azarorako
Mendi bizikleta Azaroaren 2an izango da lehia, Girizia eta Lartaun Elkarteek antolatuta eta Udalaren laguntzarekin
goiatz labandibar
Aiako Harriko I. Maratoia antolatu dute Lartaun Zikloturista taldeak eta Giriziako Mendi Bizikletako taldeak azaroaren 2rako, Udalaren laguntzarekin. Atzotik, proban parte hartzeko izena emateko epea irekita dago www.girizia.org helbidean eta Caravanas Oiartzun kirol dendan.
Caravanas Oiartzunen izena ematen duten lehenengo 200 txirrindulariek xira bat opari bezala jasoko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Gainera, parte-hartzaile guztiei emango diete boltsa bat izena emateagatik, kamisetarekin eta aldizkariekin.
Hiru ibilbide aukeran
Hiru ibilbide antolatu dituzte probarako: luzea, motza eta haurrena . Denak, Doneztebe plazan hasi eta bukatuko dira. Ibilbide luzeak 56 kilometro izango ditu. Ibilbide motzak, berriz, 33 kilometro izango ditu. Haurrentzako zazpi kilometroko ibilbide bat prestatu dute. Hauek ez dute izena eman beharko.
Hiru horniketa postu egongo dira ibilbidean: Artason, Oialekun eta Sorotxikin.
Sariak maila guztietan
Sariak maila bakoitzeko lehen hirurei emango dizkiete, bai nesken kategorian zein mutilen kategorian. Horrez gain, maila bakoitzeko lehen oiartzuarrak ere saria jasoko du.
08:30ean hasiko da proba helduentzat, ibilbidea edozein dela ere, eta 14:30ean itxiko dute helmuga. Haurrek, 09:30ean hasiko dute euren ibilbidea.
Guztira, 800 kamiseta
Guztira, 800 kamiseta atera dituztela azaldu dute antolatzaileek: «Dugun parte-hartzaile kopurua edozein dela ere, arrakastatsua izango da proba». Dagoeneko badakite Iruñeatik eta Gasteiztik, besteak beste, taldeak etorriko direla parte hartzera. Antolakuntzan ia 80 lagun ariko dira lanean. «Jende asko mugitu behar da horrelako proba bat antolatzeko», azaldu dute antolatzaileek.
Txirrindulariak helmugara iritsi ahala, bazkaria ere emango diete Kontzejupean, indarberritzeko. Horrez gain, Elorsoro kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango dute kirolariek, 16:00ak arte.
Zozketak
Laguntzaileak ere baditu Aiako Harria I. Maratoiak. Laguntzaile horiek materiala zozkatuko dute Doneztebe plazan, probaren bukaeran.
Besteak beste, parte-hartzaileen artean bizikleta bat zozkatuko dute. Ciclos Iñaki dendak eman du zozkatuko den bizikleta.
Aurretik, antzeko probaren bat antolatzeko saiakera egin izan du Udalak, baina ez dute fruiturik eman. Azaroaren 2an, beraz, horretarako aukera dago.
Musika
Santa Zezilia eguna
OIARTZUN, Doneztebe plazatik abiatuta - 2008-11-22
Zinea
Film emanaldia
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.