
Rafael Pikabeari buruzko biografia aurkeztu du Ander Delgado ikertzaileak
Kultura Egun ezezaguna den pertsonaia ezagutarazi nahi du Delgadok; «berari buruz ezagutzen denak ez du leku onean jartzen», dio
nagore vega
Rafael Picavea 1867-1946, euskal historiaren pertsonaia ahaztua izeneko liburua idatzi du Ander Delgado Cendagortagalarza unibertsitateko ikertzaileak. 2007an Oiartzungo Udalak eskaintzen zuen beka batean izena eman zuen, eta horrek eman dio aukera lan hori egiteko. Garai batean ezaguna zen, baina orain guztiz ezezaguna den pertsonaia ezagutaraztea da Delgadoren asmoa. Dioenez, «gaur egun berari buruz ezagutzen denak ez du leku onean jartzen». Delgadok ez du Pikabearen irudia hobeto edo okertu nahi, biografia bat egiten ahalegindu da. Udalak eta Sabino Arana Fundazioak argitaratu dute liburua.
Delgadok liburuan adierazten duenez, «XX. mendearen hasieratik II. Mundu Gerra amaitu arte, Rafael Pikavea Leguia (1867-1946) pertsonaia publiko eta ezaguna izen zen Euskal Herrian». Gerora, euskaldun gehienentzako ezezaguna da Pikabea. Horregatik, «Pikabea euskal historiaren barnean merezi duen lekuan jarri nahi da liburu honekin». Horretarako hiru alor aztertu ditu Delgadok: enpresa munduan eginiko jarduna, euskal prentsa modernoaren bilakeran, eta, bereziki politikan egin zuen bide luzea.
Delgadok hainbat aurreiritzi uxatu baino, aldatu edo zuzendu nahi ditu. Hiru bereziki, bi ekonomiari dagozkionak eta bat politikari dagokiona.
Aurreiritziak azaltzen
Alderdi ekonomikoari dagokionez, esan izan da, ezkontzean aberastu zela Pikabea. Maria Etxebarriarekin ezkondu zen, industria gizon dirudun baten alabarekin. Aurreiritziek diote, diru horri esker izan zuela izan zuen bizimodua. Hori argitu nahi du Delgadok: «Egia da dirua lortu zuela ezkondu ondoren, baina aurretik ere bazuen. Bere familia ez zen aberatsa, baina ezkondu zenerako, bazituen bere negozioak».
Beste aurreiritzi batek dio Pikabea oso txarra zela negozioak egiten eta diru asko galdu zuela. Delgadoren esanetan, guztiek bezala, gauzak ondo eta gaizki egin zituen: «Alegia, negozio batzuk ondo egin zituen eta beste batzuk ez».
Pikabeari buruzko hirugarren aurreiritzi nagusiak politikarekin du zerikusia. Garai hartan ere dagoeneko esaten zuten Pikabea kamaleoia zela, alegia, ez zuela ideologia propiorik, interesen arabera aldatzen zuela pentsamoldez. Ideia hori bere aurkariek zabaldu zutela dio Delgadok. Pikabea kontserbadorea eta monarkikoa zen, baina izpiritu liberal demokratikoaren aldekoa, alegia, herriarentzako hoberena nahi zuen.
Euskal prentsa modernoaren sortzaile
Rafael Pikabea euskal prentsa modernoaren sortzaileetako bat izan zen. Donostian El Pueblo Vasco egunkaria sortu eta bertan idatzi zuen, esaterako.
############
liburua
Izenburua. Rafael Picavea 1867-1946, euskal historiaren pertsonaia ahaztua.
Egilea. Ander Delgado Cendagortagalarza.Orrialdeak. 201 orrialde ditu biografiak.Argitaratzaileak. Oiartzungo Udala eta Sabino Arana Fundazioa.
Prezioa. Doan.
Eskuratzeko. Nahikoa da Oiartzungo udaletxera joan eta harreran eskatzearekin.
############
deialdiak
Mendibururi buruzko erakusketa
OIARTZUN, Udaletxeko areto nagusian - 2008-11-21
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Iurritan - 2008-11-22
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.