
Ikasle Abertzaleak taldeak deituta, Ikasle Eguna ospatu zuten atzo Errenteria-Oreretan eskualdeko hamarnaka gaztek; ekitaldia, bazkaria, bertsoak,... guztiak egin zituzten Ikasle Abertzaleak-ek 20 urte bete dituela ospatzeko.
20 urte, iraultzeko ikasiz
olatz mitxelena
Errenteria-Oreretan bildu ziren atzo eskualdeko hamarnaka ikasle, Oarsoaldean Ikasle Abertzaleak taldeak antolatutako Ikasle Egunaren harira. Aldaketa askorekin baina, azkenean, iragarritako gehienak egin zituzten ikasleek, festa eta aldarrikapena uztartuz.
PSE-EEren mitina eta ezker abertzaleak deitutako elkarretaratzeak eskenatoki aldaketa eragin zuten. Foru Plaza baino, Esmalteria izan zen festarako gune nagusi. Ekitaldiarekin hasi, bazkariarekin jarraitu, ondoren bertso saioa, kontzertuak... berandu hasi eta berandura arte luzatu zuten festa ikasle gazteek.
«20 urtetako etenik gabeko borrokak heziak»
Jai giroan bildu ziren eskualdeko ikasleak, baina dena ez zen festa izan. Bazkaldu aurretik egin zuten ekitaldian gogoratu zuten Ikasle Egunaren ospakizunaren funtsa.
Ikasle Abertzaleak-ek 20 urte bete ditu aurten, eta Bilbon azaroaren bukaeran egongo den ekitaldi nagusiaz gain, eskualdeka ari dira ospatzen ikasle eguna aurten. Atzo Errenteria-Oreretan egin zena, eskualdekako beste ikasle egun askoren lehena izan zen.
«Hogei urtetako etenik gabeko borrokak heziak gara...Ikasleon berezko iraultzarako sena eta borrokarako freskotasuna, hogei urtetako esperientziarekin nahastu dira eta nahasketa horren ondorioa gara», esan zuten Ikasle Abertzaleak orain 20 urte sortu zela gogora ekarriz. Urtetako eskarmentua baliatu eta ikasleak «subjektu aktibo eta iraultzaileak» izan behar dutela defendatu zuten.
Ikasle mugimeduaren «desaktibazioari» aurre egiteko beharraz hitz egin zuten, eta «zer borrokatu bezain garrantzitsua nola borrokatu argitzea» dela aipatu zuten. Zentzu horretan, ikasleek beren «eskubideen gaineko kontzientzia» hartzea ezinbestekotzat jo zuten.
Kontzientzia hartze hori, aitzitik, formaziorik gabe alferrikakoa litzatekeela aitortu zuten. «Borrokarako formazioa ere behar dugu», esan zuten. «Eraikuntza eta iraultza, lan bikoitza dugu esku artean eta bide horretan ikasiz egingo dugu aurrera» iragarri zuten ekitaldiaren bukaeran.
Zinea
Film emanaldia
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2008-11-22
Musika
Kontzertua
OIARTZUN, Kontzejupean - 2008-11-23
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.